Harana, testuingurua eta historia

Plano antiguo de la construcción del Valle de Cuelgamuros

Cuelgamuros Harana frankismoko monumentu garrantzitsuena da. Francisco Francok agindu zuen eraikitzeko, garaipen militarra ospatzeko eta Gerra Zibileko (1936-1939) irabazleen gorpuei babesa emateko; hemeretzi urte inguru behar izan ziren monumentua eraikitzeko. Zigorren bat zuten langileek egin zituzten, batez ere, lanak. 1959ko apirilaren 1ean inauguratu zen, gerraren garaipenaren hogeigarren urteurrena ospatzeko asmoz. Hasieran, irabazleentzako monumentua izan zen bakarrik.

 

Haraneko hilobi-alderdiak

Baina 1959tik aurrera, gerran hildako 33.000 pertsona baino gehiagoren gorpuak sartzen hasi ziren kriptetan. Gorpu horietako bat José Antonio Primo de Riverarena, hau da, Falange Española alderdi faxista espainiarraren sortzailearena izan zen; Primo de Rivera 1936an exekutatu zuten Alacanteko kartzelan eta 1939ko amaieran El Escorial monasterioko basilikara eraman zuten. 1975ean, Francisco Franco ere bertan hobiratu zuten, hil eta hiru egunera.

Hamarkada batzuetan zehar —hobiratzea baino lehen eta geroago— Harana erreferente garrantzitsua izan zen diktadorearen aldeko pertsonentzat lehenbizi eta, hil osteko demokratizazio prozesua heldu zenean, erregimen frankistaren nostalgikoentzat. Izan ere, hori erakusten zen azaroaren 20ko ospakizunetan, basilikaren aldare nagusian hileta-hierarkiako protagonistak ziren bi pertsonaia historikoen (José Antonio eta Francoren) heriotzaren urteurrenean.

 

XXI. mendeko mugimendu memorialista

2000. urtetik aurrera, Espainian memoriari lotutako kultura berri bat sortu zen —giza eskubideen nazioz haraindiko paradigmari heltzen ziona—, eta nabarmenagoa egin zen Espainiako gizartearen zati batek monumentuaren statu quoa zalantzan jartzen zuela. Baina frankismoaren memoriaren gunerik polemikoena bilakatu zen gertaera jakin batzuen ondorioz: kriptetan indar frankistek exekutatutako zibil errepublikarrak aurkitu ziren, hobi komunetatik hara eraman zirenak senitartekoen baimenik gabe eta haiek jakin gabe, bai eta Errepublikako soldaduak ere; horrez gain, diktadurarekin lotutako memoria-gertakari batzuk egiten jarraitu ziren eta monumentuari ez zitzaion eman esanahi berri sistematikorik.

 

Monumentuari beste esanahi bat ematea

Web-orri honetan proposatzen da monumentuari beste begirada bat eman behar zaiola, haren historia ikuspuntu desberdinetatik aztertzeko: ikuspuntu arkitektonikoa eta erlijiosoa, ondare- eta hileta-ikuspuntua, eta ikuspuntu politikoa. Monumentuari esanahi berria eman ahal izateko hura azaldu behar da. Diktadurak berrogeita hamarreko hamarkadaren amaieran inprobisatu zuen adiskidetzeari lotutako kontakizun faltsutik harago joan behar da, eta monumentua eraikitzeko arrazoiak argitu behar dira, besteak beste: eskulana eta baliabide ekonomikoak gerraostean, monumentua osatzen duten elementu arkitektonikoen azalpena eta esanahia, bertan islatzen den ikuspegi orokor nazional-katolikoa, gatazka izan eta hogei urtera milaka gorpu hilerrira eramateko prozesu irregularra, gaur egun oraindik frankismoaren babesleku gisa hartzeko mugimendu politikoa, edo munduko beste leku batzuetan oroimen konplexuko lekuekin duen lotura edo kontrastea.

 

Pedagogia, esparru konparatzaile batean

Anakronismo moduan azaldu behar da testuinguru historikoan eta gaur egun, eta, horretarako, publiko mota desberdinetara bideratutako proposamen pedagogikoak diseinatu behar dira, batez ere formatu digitaletan, herritartasun irekiak, inklusiboak eta pluralak sustatzeko tresnak emango dituztenak, pertsona horiek beren historiaz erabat jabetuta egon daitezen, eta beren baitan haz daitezkeen deriba totalitarioak edo antidemokratikoak detektatzeko eta desaktibatzeko gai izan daitezen. Haranari esanahi berria emanez gero, gure historia hurbilari buruzko begirada kritiko eta informatua izango da, ñabardura guztiak dituen begirada eta propagandatik edo jarrera itxietatik harago doana.

Harana zer den azaltzeko, gainera, ikuspegi analitikoa tokiko inguruabarretatik harago joan behar da. Europako memoriaren esparru zabalago batean txertatu behar da, baita egungo munduko giza eskubideen kulturen eta praktiken testuinguru globalizatuan ere.

 

Interpretazio-zentro baterantz

Haranari buruzko interpretazio-zentro osoago baten oinarria dela kontuan hartuta, web-orri honetan etorkizunean zabalago jorratuko diren informazio-elementuak aurki daitezke: kronologia bat, garai hartako eta gaur egungo ikus-entzunezko materialetan oinarrituta dagoena; ikerketa-gune bat, monumentuarekin lotutako dokumentazio historikoa, argitaratutako testu akademikoak eta abian dauden ikerketa-proiektuak ezagutzeko; nazioz haraindiko testuinguru bat, monumentua berrinterpretatzeko, gizarte garaikideetako memoria-lekuen izaerari eta kudeaketari buruzko eztabaidak aintzat hartuta; eta berri instituzionalen atal bat.

Horrez gain, bisitarientzako informazio praktikoa ere aurki daiteke bertan, monumentu-multzora sartzeari eta hura erabiltzeari buruz.